HIRIA, ESPERIENTZIA KULTURAL PARTEKATUAREN GUNE
Kulturaren blokean, euskal kultura ikuspegi anitzetatik ezagutzeko aukera emango duen programazioa prestatu da; hiriko gune esanguratsuak aktibatu eta publikoaren parte-hartze zuzena sustatuko da.
Bilboko Anfitrioien eskutik ibilbide antzeztuak egingo dira Zazpikaleetan barrena. Ibilbide horiek Bilboren jatorri historikoa ezagutzeko aukera paregabea dira, kontakizun garaikide batetik abiatuta, ondarea publiko guztiei hurbiltzeko asmoz. Plaza Barriko erromeria irekiek —Aiko Taldearen eta Dantza Piko taldearen emanaldiekin, Patxi eta Konpaniaren eskutik— espazio publikoa berreskuratuko dute belaunaldien arteko topagune gisa, eta euskal kulturaren izaera parte-hartzailea azpimarratuko dute.
Muntaketa eszeniko garaikideak ere izango ditu jaialdiak, hala nola Urbasa ikuskizuna, musika, perkusioa eta gorputz-adierazpena formatu berritzaile batean uztartzen dituen ikuskizuna.
Aurten ere bertan izango da euskal pertsonaiarik ezagunenetako bat: Gargantua. Ahoa zabal-zabalik eta mahai-tresnak prest dituela hartuko ditu haurrak, Euskal Kulturaren Plazan (Areatzako kaia).
Programazioa hiriko museo, zentro kultural eta aretoetako eskaintza zabalarekin osatuko da: euskal artearen bildumak eta aldi baterako erakusketa interesgarriak egongo dira ikusgai Guggenheim Bilbao Museoan, Bilboko Arte Ederren Museoan, Itsasmuseumen, Azkuna Zentroan, Athletic Museoan, Eleiz Museoan, Arkeologia Museoan eta Rekalde Aretoan, besteak beste.